XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure analisi formalak onartzen baldin badira behintzat, ziur samar autore bakartzat eman litezkeen egileak ez ziren aritu saindutegi bat baino gehiagoren dekoraziogintzan, saindutegi bat bakarrarenean baizik.

Zenbait kasutan egile horien lana beste batzurekin batera burutu zen, edo denbora batez behintzat beste batzuk imitatu egin zuten, baina ez epe luzetan hala ere.

Kontsiderazio laburrok aski behar genituzke pentsarazteko haitzuloetako saindutegiok bertan bizi izan ziren pertsonen obra izan zirela, edo saindutegia kokaturik dagoen haitzuloarekin zerikusirik izan zutenen pertsonena behintzat, eta kalitate estetikozko irizpidea nahiz eta kasu askotan nagusia izan, ez zen bakarra ez eta besteren ukatzailea ere izan.

Saindutegien dekorazioan trebetasuna aski eztabaidagarria zuten pertsonek ere hartu zuten parte.

Saindutegietako hormetan badirudi guztiz burututako irudikapenak bezalaxe geroztik inoiz bukatu ez ziren zirriborroak ere egin zirela.

Irudi haien egileak ez dirudi, ezta ere, ikuspegi artistikotik erabat burututako eta akabatutako obrak uzteko interesa izan zutenik, kontutan hartzen baldin badira behintzat haietako askori egin zizkioten zuzenketak, eta zuzenketak bukatu gabe utzi zirenak.

Kalitate estetikoa duten obra handien urritasuna, saindutegien dekoratzaileek beren lanerako izan zituzten zirkunstantziak eta arauak kontutan hartuz esplikatuko litzateke.

Izan ere badirudi irudi horien egileak normalean ehiztariak direla, aldi baterako artista bihurturik.

Ez saindutegien zoruan ez jendea bizi izan zeneko aztarnategietan kalitate oneko obren zirriborrorik kontserbatu ez izanaren esplikazioa ez da aurkitzen erraza.

Ekaingo zaldiak bezalako kalitate handiko obrak aurrez berorien estudiorik egin gabe burutu izana nekez esplika liteke, baina egia da baita ere irudi horien konplexutasuna ez dela lehen ikusian dirudiena bezain aberatsa.

Bestalde kontutan harturik horman bertan egin diren irudi batzuk berez zirriborro bezala ageri direla, kontutan harturik baita ere obretan bertan egiten diren zuzenketak eta irudi askoren bukaera maila desberdina, agindu ritualez esplikatzen zailak direnak guztiak, badirudi pentsatzen uzten dutela horiek guztiek irudigintzaren lana saindutegiko paretan hasi eta bertan amaitzen zela.

Oso gutxitan aurkitzen dira irudiak egin eta geroztik berritu eta eguneraturik, badirudielarik garai batean izan zuten baliozkotasuna garaiarekin batera bukatu zela.

Alderantziaz berriz beste zenbaitetan irudiak ezabatu egin izan dira lehendik zeudenen gainean beste batzuk egiteko, historia barreneko garaian bertan ere horma irudi handiak errebokez estali diren bezala ondoren bestelako dekorazio batzuk margotzeko.

Gainjarpen horiek ordea ez dira sarri gertatzen historia aurreko artean, historiakoan gertatzen ez diren bezala.

X. ANIMALIA SAINDUTEGIAN ETA AZTARNATEGIAN.

Jesús Altuna. Kantauri itsasoko erlaizean berrogeita hamarren bat haitzulo ezagutzen dira gaurregun labarrietako artea dutenak.

Berrogeita hamartsu horietatik hamasei dira egiaz garrantzia dutenak bertan aurkitu diren irudien ugaritasunagatik eta horietako zenbaiten kalitate bereziagatik.

Gainerako guztiak bigarren mailako saindutegiak dira.

Hamasei horietatik bi besterik ez dira arakatu azken aldiotan metodo modernoak erabiliz, eta horietan bakarrik aztertu dira bertako materialeak arkeozoologiaren ikuspegitik zehaztasun handiz: Ekainen, Euskal Herrikoei dagokienez, eta Tito Bustillon, Asturiasen (1) .

Gainerakoetatik, batzuek ez dute aztarnategirik, beste batzuk ez dira oraindik arakatu, eta beste batzuk aintzinako garaietan edo lehenagoko garaietan arakatu ziren, eta bertan aurkitutako animalien aztarrenak ez ziren zehazki ikertu (3)Oraintxe ikertzen ari dira El Castillo (Santander) eta La Viñako (Asturias) aztarnategiak; bi leku horietan labarrietako irudiz osatutako multzo garrantzi handikoak daude. Faunaren azterketak geuk egingo ditugu.

Horregatik beraz, aipatu ditugun bi aztarnategi horiek besterik ezin ditugu hartu kontutan, horiek bait dira kapitulu honetarako balio duten bakarrak.

Hala eta guztiz ere Altxerriri buruz ere zenbait puntu argitu beharra dago.